herri-galdeketaren lege-proiektuaren aurkezpena eusko legebiltzarra; 2008ko ekainaren 27a “erakundeek herritarrei sarritan galdetzea, ho

Herri-galdeketaren lege-proiektuaren aurkezpena
Eusko Legebiltzarra; 2008ko ekainaren 27a
“Erakundeek herritarrei sarritan galdetzea, horixe da XXI. mendean
herritarrek nahi dutena; erakundeen ordezkaritza erabatekoa ez denez,
horrek dakartzan ondorioak arintzeko eta leuntzeko nolabait...
Herritarrek era askotara har dezakete parte zuzenean. Herritarrek gai
jakin bati buruz zuzeneko interes konkreturen bat dutenean,
herri-galdeketa da herritarren parte hartzea sustatzeko biderik
egokiena”.
- - - -
Ideia hauek, ‑eta Herri honetako eztabaida politiko eta mediatikoa
nolakoa den ikusita, zoratzeko modukoa batzuetan, norbaitek esango
luke ideia zatikatzaileak, legez kanpokoak, iraultzaileak eta
radikalak direla ‑, bada, ideia hauek ez dira neureak. Europako
Kontseiluko Ministroen Batzordeak berak onartu zuen gomendio hau 2001.
urtean, herritarrek bizimodu publikoan izan beharreko partaidetzari
buruz; gomendioa 44 estatu kideentzako da, eta Estatu
espainiarrarentzako ere bai.
Gaur, hemen, ohore handiz aurkeztuko dut Lege Proiektu bat, euskal
gizarteak bakea lortzeko eta akordio politikoak adosteko duen gogoa
aintzakotzat hartuta, eta Europako Kontseiluak emandako gomendio horri
erantzunez. Lege Proiektu honetan herri-galdeketa bat egiteko deialdia
plazaratzen da, horren bidez, euskal herritarren iritzia jaso nahi
dugulako zuzenean, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko
negoziazio-prozesuari zer deritzoten jakiteko.
Galdeketa egiteko proposamen demokratikoa da, soseguz eta lasai
egindakoa, dramatismorik gabe. Herriaren iritzia zein den jakiteko,
Herriari hitza ematea, eta horren arabera jokatzea, politikan arduraz
jokatzea da, eta, horrez gainera, normaltasun demokratikoa erakustea
ere bada.
Ez da, ez, inola ere, dramatikoa, herritarrei galdetzea. Indarkeria
hor egotea; hori bai, bada dramatikoa. Galdetzea ez da dramatikoa, ez.
Demokratikoa da, besterik gabe.
Guk tinko eta sendo sinesten dugu demokrazia esku-hartzailean, eta
guretzat egun historikoa da Legebiltzar honen bizitzan. Seguru nago,
etorkizunean ere, horrela gogoratuko dutela egun hau Euskadin.
Lehendakari batentzat, benetan diotsuet, euskal gizarteari hitza
ematea, horixe da geure Herriari zor diogun errespetua erakusteko
modurik ederrena.
Euskal aginte publikook nahitaez planteatu behar ditugu ekimenak,
herritar guztiek parte har dezaten Euskal Herriko politikan,
ekonomian, kulturan eta gizartean, halaxe jasota baitago berariaz
Gernikako Estatutuko 9. artikuluan.
Euskal gizartea gizarte modernoa da; zentzuduna eta heldua. Europako
gizarte demokratikoa da, eta lasaitasun osoz hartzen du bere
etorkizunaz erabakitzeko eskubidea.
Herri honetan 10 lagunetik 8 baino gehiago alde dago, beren iritzi
politikoa edozein izanda ere, eta normaltasun osoz hartzen eta
defendatzen dute eskubide hori.
Hau bai, hau, kontraesana! Gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea
baliatzeko orduan, XXI. mendean bete-betean: euskal gizartea, lasai
eta bare, eta politikoak, berriz, urduri eta artega.
Horrexegatik, Legebiltzar honetako ordezkariei ere euskal gizarteak
erakutsi digun heldutasun hori bera eskatzen diet, ikuspegi zabal hori
bera. Herri-galdeketaren lege-proiektu honi buruz eztabaidatu behar
dugu, dramatismorik gabe, mesprezurik gabe.
Sinetsita nago Eusko Legebiltzarreko gehiengoak baimena emango duela
galdeketa bat egin diezaiogun euskal gizarteari, askatasun osoz bere
iritzia eman dezan, indarkeriaren bukaerari buruz, eta, Euskal Herriak
erabakitzeko duen eskubideaz, Akordio demokratikoa adostu beharrari
buruz.
Horri lotuta, a zelako errespetu falta, Erakunde honi buruz egindako
zenbait adierazpen! Espainiako Gobernuko Presidenteak esandakoak, eta
Alderdi Sozialistako nahiz Alderdi Popularreko goreneko ordezkariek
egindako adierazpenak; mehatxuka, galdeketa geldiarazi egin behar
dela, kosta ala kosta, gaur Legebiltzar honetan gehiengoak galdeketa
onartuz gero. Eta nire galdera, hauxe da: hori al da gure Erakundeek
hartutako erabakien aurrean erakusten duten errespetua? Nola esan
liteke edozein eratako galdeketak geldiarazi egingo direla, Eusko
Legebiltzarrak ez du-eta oraindik erabakirik ere hartu? Zein
demokraziatan dago debekatuta herritarrei galdetzea?
Hauxe da, azken batean, auzi honen mamia, bizkarrezurra. Hori al da
Estatuak duen borondate demokratikoa, auzitegiei deika dabil-eta
denbora guztian, elkarbizitzak dakartzan arazo politikoak konpontzeko
orduan! Ez da arazo juridikoa, beraz. Argi dago borondate politikoa
dela benetan arazoa.
Gaur aurkezten ari naizen ekimen hau bidezkoa da, modernoa eta
legezkoa; ekimen hau demokratikoa da, eta berritzailea. Hona hemen
arrazonamendu politiko, demokratiko eta sozialak, herri-galdeketaren
lege-proiektu honi babesa ematen diotenak:
Lehenengoa.- Euskal gizarteari emandako hitza bete dugu.
Eusko Jaurlaritzak, bere baitan hiru alderdi politiko dituela – Euzko
Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua‑ gure Koalizio
Hitzarmenean euskal gizarteari galdetzeko konpromisoa adostu genuen.
“Negoziatzeko eta erabakitzeko legegintzaldia” izango zela planteatu
genuen.
Emandako hitza bete nahian, joan den irailaren 28an, Legebiltzar
honetan bertan, euskal gatazka konponbidean jartzeko ibilbide-orria
aurkeztu nuen; lehendabiziko urratsa izan zen Espainiako
Gobernuburuari itun politikoa aurkeztea, eta, bigarrena, Osoko Bilkura
Berezia egitea 2008ko ekainean. Osoko Bilkura, Eusko Legebiltzarrak bi
aukera azter zitzan: Edo Espainiako Gobernuburuarekin adostutako Itun
Politikoa berresteko, edo, bestela, blokeo-egoera hori gainditzeko
galdeketa baterako baimena emateko.
Hitza eman genuen, eta emandako hitza bete dugu. Euskal erakunde
demokratikoak izango gara aitzindari, bakea lortu eta akordio
politikoak adostu ahal izateko konponbideak bilatzeko orduan; hori
bai, euskal gizarteari galdetuta, euskal gizarteari entzunda eta bere
iritzia errespetatuta.
Bigarrena.- Geldialdi politikoa eta indarkeria-egoera gainditzeko
proposamena da lege-proiektu hau.
Hautsi egin behar dugu, behin betikoz, euskal gatazka konpontzen
eragozten digun zurrunbilo geldiezin hau. Urteak eta urteak
daramatzagu jira eta bira zurrunbilo horretan barrena, eta halako
batean aurrera ekiteko gai ez bagara, ez dugu inoiz irtenbiderik
aurkituko; nekea eta etsipena, besterik ez dugu izango.
Helburu hori bera lortzearren, iazko urriaren 16an, Itun
Instituzionala lotzeko eskaintza egin nion Espainiako Gobernuburuari,
Normalkuntza Politikoan eta Bakean aurrera egiteko.
Eskua eskaini nion, eta berak ez zuen hartu. Ezetz esan zidan.
Zazpi hilabetean egon nintzen zain, eta iragan maiatzaren 20an,
oraingo honetan idatziz, berriz ere egin nion Akordioa lortzeko
negoziazio-eskaintza. Berriz ere, ezetz. Berriro ere harresi handi
bat, Herri honetako egoera politikoa gainditu ezinean gelditzeko.
Egoera are larriagoa da, gainera; Espainiako Presidenteak ez zuelako
hitz egin nahi izan nirekin, Herri honen ordezkari demokratiko naizen
honekin; ETArekin bai, hitz egin eta negoziatu zuen gai hori bera
ardatz hartuta, eta hori bera Batasunarekin sinatzeko prest ere egon
zen 2006ko urriaren 25ean.
Ez da harritzekoa, beraz, euskal gizartea asper-asper eginda egotea
ETAren indarkeria dela-eta; ez da harritzekoa neka-neka eginda egotea
blokeo politikoa eta politikoen lana ikusita, ez dutelako
konponbiderik ekartzen.
Baina, zorionez, euskal gizartea zentzuduna eta bizi-bizia da, eta
konturatu da berak daukala giltza eskuan, eta aukera bat izan nahi du
ETAri exijitzeko indarkeria behin betiko utzi behar duela, eta aukera
bat izan nahi du alderdi politikoei eskatzeko, eseri egin behar
direla, eta, inor baztertu gabe, hitz egin, eta normalizazio
politikorako Akordio bat lortu behar dutela.
Euskal gizarteak bere iritzia emateko eskubidea du. Euskal gizarteak
ozen eta garbi hitz egiteko eskubidea du, guztioi elkarrizketa eta
konponbidea exijitzeko orduan.
Hirugarrena.- Proposamena bidezkoa, legezkoa eta demokratikoa da, eta
bi galdera egin nahi ditu argi eta garbi.
Bidezkoa da, Gernikako Estatutuan berariaz halaxe jasota dagoelako;
alegia, euskal aginte publikoek lagundu egin behar dute, herritar
guztiek parte har dezaten Euskal Herriko politikan, ekonomian,
kulturan eta gizartean.
Legezkoa da, loteslea ez den herri-galdeketa bat (eta halaxe jasota
dago Lege Proiektu honetan) ez baita erreferenduma, eta, beraz, ez du
zertan bete Konstituzioko 149. artikuluak ezarritako betekizunik. Antzeko
galdeketak onartuta daude beste autonomia-estatutu batzuetan ere,
Konstituzioa aldatu beharrik izan gabe horretarako.
Eta demokratikoa da, ez dagoelako ezer demokratikoagorik, herritarrei
iritzia galdetzea baino, iritzia zein den jakin eta iritzi hori
errespetatzeko.
Eta, gainera, argia ere bada; bi galdera egiten baititu, oinarri
etikoa eta oinarri demokratikoa aintzakotzat hartuta.
Oinarri etikoa lehendabiziko galderan dago jasota:
Ados zaude indarkeria elkarrizketaren bidez amaitzeko prozesua bat
bultzatzearekin, ETAk aldez aurretik, eta argi eta garbi,
indarkeriarekin, behingoz eta betiko, bukatzeko borondatea adierazten
badu?
Bakea nahi dugulako.
ETA dagokion lekuan jarri nahi dugulako. Exijitu nahi diogu indarkeria
behin eta betiko utz dezan, eta esan nahi diogu politika egitea
politikariei bakarrik dagokiela, alegia, herriaren ordezkari egiazkoak
direnei.
Euskal gizarteak indarkeriaren aurkako konpromiso etikoa berrestea
nahi dugulako, Ajuria Eneko Itunean eta Diputatuen Kongresuan 2005eko
maiatzean egin zen modu bertsuan.
Oinarri demokratikoa bigarren galderan dago jasota:
b) Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren
erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat
lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010.
urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?
Euskaldunen arteko akordioa adostu nahi dugulako.
Euskaldunen artean lotutako akordioak Estatuak ere errespetatzea nahi
dugulako, orain arte ez baita hala izan. Gernikako Estatutua,
euskaldunen artean lotutako Akordio hura, 30 urtean dago bete gabe,
eta, beraz, Euskal Herriari emandako hitza dago bete gabe 30 urtean.
Egoera politikoa desblokeatu nahi dugulako, Euskal Herriak
erabakitzeko duen eskubideari buruz, euskal alderdi politiko guztiei
negoziatzeko eta akordioa lortzeko dei eginez. Eremu guztietan
erabakitzeko eskubidea dugu mintzagai. Erabakitzeko eskubidea
autogobernu-eremuan, bai ekonomian, bai kulturan, bai gizarte-arloan
ere… Erabakitzeko eskubidea, gainerako euskal lurralde eta
erkidegoekin izan nahi ditugun harremanetan. Eta, zergatik ez,
erabakitzeko eskubidea, Espainiako Estatuarekin izan nahi dugun
harreman politikoan ere.
“Elkarrekin bizitzea erabaki ahal izan behar dugu”. Erabakitzeko
askatasunik ez badago, elkarbizitza ere ez baita askea izango;
inposatua izango da....
Elkarrekin bizitzea eta erabakitzea, elkarri erabat itsatsita dauden
kontzeptuak direlako…
Erabakitzeko eskubidea eta askatasunean elkarrekin bizitzeko eskubidea
izan nahi ditugulako.
Erabakitzeko eskubidea baliatu nahi dugulako, euskal gizartearen
ongizatea hobetzeko, alegia, gaur egun Herri honetan bizi garen
emakume eta gizon guztion bizimodua hobetzeko. Berdin dio zer
pentsatzen duten edo nori ematen dioten botoa.
Azken batean, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu euskal
gizartearen ongizatea hobetzeko.
Laugarrena.- Galdeketak ez du gizartea zatitzen; bai, ordea,
demokrazia sendotzen.
Demokrazia ez da gizarte bat isilaraztea eta iritzia eman ezinik
uztea. Aitzitik, herritarrei galdetzea da, herritarren asmoak zein
diren jakitea, eta iritzi horiek errespetatzea. Horixe da demokrazia.
Demokrazia ez da boto-kontaketa hutsa, boto horiek aintzakotzat hartu
behar baitira gero.
Herri-galdeketek, herritarrei arazo publikoetan parte hartzeko bidea
emanda, ez dakarte zatiketarik, eta, aldiz, sendotu egiten dute
demokrazia. Ez du gizartea zatitzen galdetzen duenak, galdetzea
debekatzen duenak baizik.
Espainiako demokraziak ezin dio beldurrik izan euskal gizartearen
iritziari.
Herritarren partaidetza eta euskal gizarteak erabakitzeko duen
eskubidea hementxe dira, eta gure artean geratuko dira; errealitate
hori geureganatu behar dugu, bestela, gure gainetik pasatuko da-eta
olatu baten antzera.
Gizarteari eman behar diogu nagusitasun politikoa, eta herritarrak
izan behar ditugu beti gure jardunaren helburu.
Herritarrek parte hartu izan dutenean, argi ikusten denez, gizarte
baten bizitza-maila eta prestakuntza zenbat eta handiagoak, gai
publikoetan parte hartzeko borondatea ere orduan eta handiagoa izaten
da. Izan ere, herri-galdeketak politikan parte hartzeko oso bide
arruntak eta ezagunak dira Europan eta munduan. Estatu Batuetan, urte
batzuetan –azkenengoz, 2003. urtean- 10.000 galdeketa baino gehiago
egiten dira. Europan ere ‑Suitzan, Bavarian, Austrian…‑, ehunka
galdeketa egin izan dira azken hamar urteotan.
Galdeketa horiek zatitu egin al dituzte gizarteak? Ahuldu egin al
dituzte?
Ez eta ez, argi eta garbi. Indartu egin dituzte; hori bai. Eta gauza
bera gertatuko da hemen, urriaren 25ean gure galdeketa egiten
dugunean. Sendotu eta indartu egingo gaitu, ikuspegi etikotik,
politikotik eta demokratikotik.
Demokrazia osasuntsuak herritarren esku-hartzea sustatu behar du.
Gaixo eta ahul dagoen demokraziak, berriz, ez du uzten herritarrei
dagozkien auziez galdetzen.
Bosgarrena.- Konponbidean abiatu nahi dugu.
Galdeketa, bide baten abiaburua da. Eta bide horretan aurrera egin
behar dugu, indarkeria elkarrizketa bidez bukatzeko, ETAk indarkeria
behin betiko uztea erabakitzen badu. Bide horretan, era berean, euskal
alderdi politikook elkarrizketa-prozesuari ekin eta Akordio bat lortu
behar dute.
Bide bat urratu nahi dugu, 2010. urterako akordio politikoa ekar
dezagun, eta, ondoren, indarkeriarik egon gabe, bakean, erreferendum
lotesle baten bitartez Akordio hori berresteko.
Bide honetan izango dira, bai, trabak eta eragozpenak, baina ilusioz
betetako bidea ere izango da aldi berean. Badakigu jakin, zenbaitek
bide hau itxi nahi izango digula. Badakigu jakin, zenbaitek geldiune
politiko honetatik atera ezinik eta indarkeria-zurrunbiloan bueltaka
ikusi nahi gaituela.
Baina, euskal gizarteari bide hori itxi nahi dionak, ez dio asko
lagunduko demokraziari, eta ez du lagunduko, inondik inora, euskal
gatazka konpontzen. Eta, gainera, alferrik ari da.
Seguru nago, gaurko eztabaida hau alde batera utzita, eta, are
gehiago, datorren urriaren 25ean gertatzen dena gertatzen dela ere,
bidea urratu dugula dagoeneko. Ateak irekita daude, Euskal Herriak
bere etorkizuna erabaki dezan. Atea zabalik dago betiko, eta inork ere
ezin izango du, munduko eragozpen juridiko, traba politiko eta
atzerapen guztiak jarrita ere, inork ezingo du ate hori itxi.
Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea baliatu behar du, eta bide
horrek ez du, ez, atzera bueltarik. Herrien arteko elkarbizitzarako
egitasmoak, XXI. mendean, atxikimendu librean oinarritu behar
direlako, eta, ez, inposaketan.
_ _ _ _ _ _ _ _ _
Nire ibilbide politikoan gutxitan sentitu izan dut gaur hemen
sentitzen ari naizena: barruko zirrara eta harrotasuna. Gaurko eguna,
2008. urteko ekainak 27 egun dituela, gure Herri honen historian
geratuko da idatzita betiko, eta ondo gordeta geratuko da nire
bihotzean bizi naizen artean. Gaur, hemen, Eusko Legebitzarraren Osoko
Bilkura honetan, ohore handiz, Lehendakari batek, Araba, Bizkaia eta
Gipuzkoako euskal herritarrei zuzenean bi galdera egiteko
lege-proiektu bat aurkezteko eta defendatzeko aukera izango du lehen
aldiz, XXI. mendean Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duen
erakusgarri.
Gaur, Legebiltzar honetan gauden emakume eta gizonok, ordezkari
gaituen euskal gizarteari hitza emateko aukera izango dugu.
Gaur aukera ezin hobea dugu, elkarbizitzarako eskubidea eta
erabakitzeko eskubidea defenda ditzagun, bi eskubide horiek banaezinak
baitira gizarte libre eta demokratiko batean.
Euskal gizarteak ikusi du bere esku dagoela ETAri indarkeriaren
amaiera exijitzea, eta ikusi du bere esku dagoela alderdi politiko
guztiei eskatzea, Euskal Herriak erabakitzeko eskubideari buruz,
euskaldunen arteko akordio bat lot dezagun.
Euskal gizartea zain dago, Bakerako eta Normalizazio Politikorako atea
zabaltzeko baiezkoa eman diezaiogun. Ez dugu, ez, itxaropen hori
zapuztuko. Seguru nago.
Eskerrik asko.
12

  • UN QUARTIER C’EST UN MORCEAU D’UN TOUT JUSTE UNE
  • ‘FIT AND PROPER’ CRITERIA FOR ACCREDITATION WHEN CONSIDERING AN
  • OPERATIONS MANUAL PROJECT OR SYSTEM NAME US DEPARTMENT OF
  • PRACTICA N° 4 CAPAS MOLECULARES DIMAS ARLEY ESCORCIA PEREZ
  • ST NICHOLAS CATHOLIC HIGH SCHOOL GREENBANK LANE HARTFORD NORTHWICH
  • SUNY DOWNSTATE TOGGLE NAVIGATION MENU PATIENT CARE
  • HAWKLEY BROOK MEDICAL PRACTICE NEW PATIENT REGISTRATION FORMS –
  • AJUNTAMENT DE XIRIVELLA REGISTRE DENTRADA DATA NÚM REG GRAL
  • MINISTARSTVO ZNANOSTI I OBRAZOVANJA JAVNI POZIV ZA PROVOĐENJE POSEBNIH
  • AGENDA ITEM 650 651 TITLE DEFINITION OF “NOMINAL THICKNESS”
  • IN PRESS – BRITISH JOURNAL OF DEVELOPMENTAL PSYCHOLOGY
  • ACTA ADMINISTRATIVA DE DONACIÓN Y ASIGNACIÓN DE LOS BIENES
  • LIBRARY KEYLL DARREE TEL 642993642974 EMAIL LIBRARYKEYLLDARREEGOVIM WEB ADDRESS
  • PERCENT ERROR HONORS WORKSHEET NAME DATE DUE PERIOD ALTHOUGH
  • INSTRUCTIVO CAMBIO DE DOMICILIO (CASA MATRIZ O SUCURSAL) CAMBIO
  • NIC 23 (REVISADA EN 1993) NORMA INTERNACIONAL DE CONTABILIDAD
  • TECHNAXX® MANUAL DE USUARIO EASY IPCAM HD INALÁMBRICATX55
  • 5 REPUBLICA DE CHILE PROVINCIA DE TALCA IMUNICIPALIDAD DE
  • PLAN DE ACTUACIÓN PARA LOS ALUMNOS CON NECESIDADES ESPECÍFICAS
  • THE PARADIGM SHIFTS TO THE HEALING DIVORCE ONE WAY
  • UNDERSTANDING BY DESIGN UNIT TEMPLATE TITLE OF UNIT DIVERSITY
  • RANCANGAN (DISEMPURNAKAN) PERATURAN DAERAH KABUPATEN KUNINGAN NOMOR 2 TAHUN
  • CRYSTALLIZATION OF GREEN FLUORESCENT PROTEIN (1) REFERENCE BREJC K
  • SUNY DOWNSTATE MEDICAL CENTER UNIVERSITY HOSPITAL OF BROOKLYN POLICY
  • WO AMENDMENT 24091220121 EFFECTIVE DATE 06192012 DURATION THIS AMENDMENT
  • ABIERTO EL PLAZO PARA INSCRIBIRSE EN EL CONCURSO DE
  • STRETCHING – DOMOWA METODA NA SPRAWNE CIAŁO ANALIZUJĄC WIĘKSZOŚĆ
  • TEMA KOMMUNIKATION 10 REGLER FOR MENNESKELIG KOMMUNIKATION AF
  • HAWKLEY BROOK MEDICAL PRACTICE PATIENT COMPLAINT FORM PATIENT FULL
  • PROVINCIA DE BUENOS AIRES MRIO DE INFRAESTRUCTURA SERVICIOS Y